Kristau onak

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2018ko ots. 16a, 08:28

Asteon jakin da Nafarroan eskolatuko diren 3 urteko neskato-mutikoek erlijio katolikoaz gainera, islamiarra ere aukeratu ahalko dutela hurrengo ikasturtean. Tira, eurek ez, jakina; gurasoek!

Eta hasi dira erlijio katolikoa eskoletatik ateratzeko ahalmena eskura izan zuten Alderdi Sozialistakoak esaten erlijio aukera gehiago sartu ordez, egin behar dena dela eskola laikotu.

Hara! Noiz eta erlijio islamiarra eskainiko dela jakitean. Gonzalezek ez zuen kendu. Zapaterok ere ez; are gehiago, Eliza Katolikoarekin ekonomikoki onuragarria izan zitzaion elkarlana sustatu zuen. Hauteskunde kanpainan Sanchez ere ibili zen erlijioa eskolatik atera nahi zuela esaten, baina nola gauzatu nahi zuen argitu barik. Ez baita erraza 1979an Espainiak Vatikanoarekin sinatu zuen konkordatua bertan behera uztea; nazioarteko hitzarmenaren kategoria dauka eta alde bakartasunez apurtzea ez litzateke dotorea izango. Edo bai!Ausartu egin behar!

Kontua da ez zutela egin, eta ez dutela egingo.

Orain, Nafarroako sozialistak sutu dira erlijioaren kontra, islamiarra eszenaratu denean.

Eta, badaezpada, UPN, isilik; ez daitezela hautsak harrotu, katolikoen kontra.

Diario de Navarra-k hasi du bidea: islamiarra eskaintzea eskubidea dela eta Espainiako legearekin betetzera datorrela. Asteburuan erreportaje zabal batean azaldu zuen zertara zetorren islamiar erlijioaren eskaintza eta, lortu du, bere kordakoak behinik behin, ahorik ez zabaltzea.

Sozialistak, berriz, nahi eta ezinean. Aukera izan dutenean, kale; beraz, orain, bale.

Irtenbidea eskaria gutxitzetik etorriko baita; gurasoek eurek laga beharko liokete hautua egiteari. Izan ere, eskaririk egon ezean, eskaintzarik egiteko derrigortasunik ez. Ikastetxe batzuk antolatzen dira, guraso elkarteekin batera, eskaririk egon ez dadin, eta era horretan erlijioa eskolatik kanpo mantentzen dute. Ederra litzateke, baita Nafarroan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak