Are latzagoa izaten zen katiuskekin Bergarara joatea, han ez baitzuen inoiz Antzuolan besteko elurterik egiten, eta barre egiten ziguten antzuolarroi, esajeratuak ginela leporatuta. Hor konpon! Elurragatik eskolara joan ezinda geratzen ginenak geu ginen, ez eurak!
Holako egun batean izan zen TiaLuzenian erakutsi zizkigula orduak TioGoiok. Ez dut ahazteko orduko elurtea; Antigua auzoko paraje hura eta gu euren sukaldean orduak ikasten, eskola orduan, elurretara atera aurretik. Probetxuzko elurtea izan zen hura, komuniorako erlojua oparitu orduko ikasi genituen orduan Itziarrek eta biok. Bejondeiela!