Hala dira bada kontuak; Kontuola sortu genuela, alegia (1997ko irailaren 12an atera zen lehenengoa). Antzuolan hola erabaki genuen esatea kontuak: hasieratik alboko herriko notiziekin batera kontatuko genituen Antzuolakoak. Ez genekien artean, eskualdera ere zabalduko zirela gerora! Harrezkero ere joan dira urte batzuk: Goienkaria atera zela, 16 urte (2000ko abenduaren 1ean). Eta hola joan dira ia bi hamarkada, kontuola-kontuola hamabostero eta Antzuola-Antzuola astero, gero. Bi orri izango dituzte atzera ere Antzuolako kontuek Goiena berrituan. Eta asko poztu naiz hori jakitean; beti baita atsegina antzuolarrek esateko dituzten kontuak irakurtzea, eta orri bik ematen dute baita elkarrizketak egiteko parada!
Gogoan dauzkat oraindik Kontuola-n agertu zirenak: gure zaharren memoria astintzen ibili nintzeneko sasoikoak: haien gaztarokoak, auzoetako ohiturak eta jaietakoak. Ez zen hasieran behintzat erraza izan protagonistek baietz esatea, baina joan ziren ohitzen haiek ere inportanteak zirela herriko berrietan. Izan ere, herriko aldizkaria notizia berriekin osatzen den eran, gerora herritarren memoria bihurtzen da. Hola eta hola, bada, kontuak; hasieratik gehiago, gainera, Antzuolan: Kontuola!