Espainiaren tragedia komikoa

Erabiltzailearen aurpegia

Esperpentoa izan dute ahotan hainbat ordezkari politikok Kataluniako azken gertaerak definitzeko.

Jadanik lehendakari ohi den Mas barregarri geratu dela esan dute popularrek eta leize-zulo mediatikoak. Esperpentoak, ordea, Valle-Inclani esker, esangura askoz zabalagoa dauka, eta haitzulo setatiko bizilagunak ulertzen laguntzen digu. 98ko belaunaldiko idazle galiziarrak europar zibilizazioaren desitxuratze grotesko legez definitu zuen Espainia, eta hark sortutako Max Estrella pertsonaiak esan zuenez, "espainiar bizitzaren zentzu tragikoa sistematikoki desitxuratutako estetikak ematen du"; beraz, Valle-Inclanen arabera, erreforma gauzatzeko ezintasunetik sortzen da esperpentoa. 

Raxoiren gobernua tematu egin da Kataluniako gizarteak era demokratikoan bozkatu zuen aldaketa debekatzen eta oztopatzen. Hala ere, aurrera egiten asmatu dute Katalunian. Bai, hiru hilabete igaro dira eta, inork espero ez zuenean, Masek atzera egin du, eta, CUPek jarritako baldintza nagusia beteta, Kataluniako Errepublika sortzeko presidenteak –Masek berak proposatutakoa– kargua hartu du. Ez da debalde izan –ikusi dugu–, eta ikusgai dago bidean nork laga duen gehiago. Ara egunkariko kazetari Antoni Bassasek domekan zioenez, Masen ohiko jokaldia izan da azkenekoa eta inork ezingo dio ukatu duen gaitasun taktiko izugarria: "Alde batera egin du, baina bidean CUP eraman du". 

Ezin dugu ahaztu esperpento literatura-generoaren ezaugarri dela ironia. Batzuek ironikotzat jo dute, esaterako, Junts Pel Siren eta CUPen arteko akordioa noiz iritsi den: Antonio Baños CUPen zerrendaburuak (1.515nako berdinketaren ostean) gauzatu ez den dimisioa eman ondoren, eta zerrendan haren hurrengo den Anna Gabriel Bilbora joana zenean.

Ironikoa edo ez, Katalunian izendatu dute independentziaren aldeko president berria; Espainian, aldiz, Patxi Lopez da Kongresuko presidente.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.