Mugikorra eten

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2026ko uztailaren 28a

Azken urteotan hainbat erakundek plazaratutako hamaika ikerketaren harira, pantaila digitalen eta telefono mugikorren gehiegizko edo okerreko erabilera zuzenean lotuta dago antsietatea, estresa, loaren alterazioa, arreta-arazoak eta ongizate emozional eskasa pairatzeko arrisku handiagoarekin. 

Azterlan horiek berek gomendatzen dute pantailetarako darabilgun denbora mugatzea eta ohitura digital osasungarriak jarraitzea, loa, deskantsua eta osasun mentala babestearen beharrezko bidean; gazteenen kasuan, batez ere.

Datozen asteetan pribilegiodunok izango dugun aisialdirako –Euskal Herrian lau langiletik ia batek ezin du oporraldi oso bat ere segidan hartu urtean–, nire helburu apala mugikorretik deskonektatzen saiatzea da, ahal dena bederen, gomendio batzuei –edo guztiei– helduz; alegia, pentsatu, begiratu, ukitu, usaindu eta gozatu, teknologia mugikorra etenaldian jarriz. Esaterako:

Mugikorrarekin pasatzen duzun denbora kontrolatu, pantailarik gabeko denbora agendatu, arreta ematen dizun jardueraren batekin deskonektatu, gailuaren jakinarazpenak desaktibatu, berori zure presentzia fisikotik aldendu edo kaxoi batean itzalita gorde, egunean behin edo bitan konektatuz, akaso, benetan garrantzitsua izan daitekeen dei edo mezu horri erantzun ahal izateko... 

Adituek ohartarazi dutenez, autokontrolak, edozein adikziorekin gertatzen den bezala, erabilera-printzipio berriekin berregituratutako ingurune batera itzultzen bazara bakarrik funtzionatzen du epe luzera; hau da, oporretatik itzultzen zarenean, ez zaitez bueltatu saiakera hori abian jarri aurretik izan zenezakeen gehiegizko erabilera digitalera.

Nik probatuko dut. Eta zuk? Uda on pasa! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak