Bai, ordea, atzean utzi dugun 2025a inflexio-puntu bat izan dela, hala munduan nola gertuko egunerokotasunean, besteak beste, bizi izan ditugun gertaera hauek zeharkatutako urte disruptibo bat:
Gerrak, Gazako genozidioaren eta Ukrainaren inbasioaren inguruko adierazpen hurbilenetan; Ameriketako Estatu Batuen Errusiarekin eta Txinarekin lerrokatze geopolitikoa, noraezean doan Europa lekuko; demokrazia eredu eta desio gisa zalantzan jartzearen mehatxua; suntsipen ekologikoaren aurreranzko eta norabiderik gabeko lasterketa; adimen artifizialaren iraultza kognitiboa; eta, aurreko guztiarekin batera, aipatutako fenomeno bakoitzarekin uztartuta, autoritarismoaren gorakada eta beronen eragina nonahi, munduan nagusi diren hainbat herrialdetako gobernuetatik hasita.
Egia esan, ez litzaidake gustatuko erronka hauen aurrean gure arduradunen larruan egotea. Halaber, badago demokraziarekiko estimuaren galerarekin eta autoritarismoaren gorakadarekin estuki lotuta dagoen beste eragozpen bat: abstentzioaren garaipena, hauteskundez hauteskunde.
Urrunago joan gabe, hortik hasiko nintzateke, akaso; boto-balioaren eta prozesu demokratikoen gaineko hezkuntza-programak sendotuz, erakundeen funtzionamenduaren gardentasuna bultzatuz, gutxiengoen ordezkaritza handiagoaren aldeko hauteskunde-sistemak indartuz, kontuak emateko mekanismo eraginkorrak ahalbidetuz, ibilbide politikoen amaiezinezko profesionalizazioa bukatuz, herritarren politika publikoen diseinuan parte-hartze handiagoa areagotuz...
Ospa dezagun aurten ere gure presentzia mundu honen kolore-paletan, gertaera batzuek itsusi margotu arren.