Garai ilunetako istorioak

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2025ko ira. 29a, 00:00

Charlie Kirken erailketak –Utahko Unibertsitatean irailaren 10ean– martiri bat eman dio hark irudikatzen zuen mugimendu ultrakontserbadore fanatikoari.

Kirk trumpismoaren ikur bat zen, baita haren sustatzaile eraginkorrenetako bat ere; gazteen artean, bereziki. Berehala, Ameriketako Estatu Batuetako demokratei edo ezker politikoari leporatu zien Trump presidenteak hilketaren erantzukizun esklusiboa, inolako frogarik eta hango gizartearen idiosinkrasia definitzen duten gertaera bi kontuan hartu gabe:

1) AEB herrialde biolentoa dela, hamaika faktoreren artean, bere klase politikoak mugarik gabe armak erosteko eskubideari eusten diolako 1776an eratu zenetik, maila konstituzionala emanez, gainera. 46.728 pertsona hil ziren 2023an, Pew Research Center ikerketa-gunearen arabera, su-armek eragindako zaurien ondorioz. 

2) Hilketa politikoa etengabeko konstante bat dela askatasunaren lurraldean, gutxienez 1865ean Lincoln presidentearen magnizidioa izan zenetik, nahiz eta trumpismoak, jakinaren gainean, ukatu egiten dituen azken urteotan ultraeskuindarrek eta haien aldekoek eragindako hamaika pasarte; adibidez, 2021eko urtarrileko Kapitolioaren aurkako erasoa, non bost hildako izan ziren. Horien arteko ehunka aktibo indultatu ditu presidenteak, bigarren agintaldi ero honi ekin bezain pronto.

Trumpen eta bere aliatuen presazko epaiaren aurrean, ustezko hiltzaileak ez du inolaz ere zabaldutako profila betetzen: Tyler Robinson 22 urteko gazte zuri bat da, familia kontserbadore, kristau eta boto-emaile errepublikano batean hazia, armetan 12 urterekin murgilarazia; akaso, AEBetako indarkeriazko kulturaren produktu bat, zeinean armak eskuratzeko erraztasuna eragile arriskutsu bilakatzen zaien. 

Honetan, behintzat, badugu zertaz harrotzerik Europan: armak daude AEBetako etxeen %42an, gure gizarteetan ez bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak