Tartean, Israelek palestinarren aurka eragindako genozidioa, Errusiak Ukraina inbaditu izana edo, berriki, Pakistanen eta Indiaren arteko liskarrak –potentzia nuklear biren arteko borroka–.
Eszenatoki horrek guda jotzen du arazo geopolitikoei erantzuteko tresna ustez ezinbestekotzat, bere gailurrik gorenean Bigarren Mundu Gerraz geroztik, gastu militarraren hazkunde esponentzialarekin: 2.718 bilioi dolar, Stockholmeko Bake Institutuaren arabera –errekorra, Gerra Hotza amaitu zenetik–.
Egoera negargarri horren aurrean, premiazkoa iruditzen zait benetan erabakigarria eta eraginkorra izan beharko lukeen NBE berri bat defendatzea; gatazka armatuak gailentzearen funtsezko helburuari errealismoz heldu nahi bazaio, bederen; alegia, derrigorrezko sostengu diplomatikoa eta humanitarioa ez ezik, interposizio militarra bideratzeko gai den NBE berri bat. Munduko gobernuek ondorioztatu beharko lukete egungo blokeo-sistema ustel suertatzen dela aipatutako xede horri eusteko.
Eta horretarako, azken finean, nahitaezkoa iruditzen zait NBEko Segurtasun Kontseiluan etengabe eserita dauden bost herrialdeen blokeo-sistema amaitzea –Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Txina, Frantzia eta Erresuma Batua–. Afrikako, Asiako edo Latinoamerikako herrialdeen ordezkagarritasuna proportzionalki hobetzeaz harago, indarrean den blokeo horren ordez akordioak gehiengo kualifikatuekin bideratzeko neurriak ezarri beharko liratekeela deritzot.
Demokrazian, herrialdeen ordezkagarritasunean eta beto-sistemaren abolizioan sakontzen duen eredu batek soilik egingo du NBE munduko gerrak gelditzeko gai den instituzio benetan baliagarri eta onuragarri. Artean, anabasa.