Beldurra

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2025ko ots. 8a, 00:00

Mamu berri bat zeharkatzen ari da mundua, Washingtondik Moskura, eta erreakzio autokrataren izena du mamu horrek, ardurarik gabeko milioidunek bultzatua hedatzen dena.

XX. mendearen bigarren zatian eraikitako oinarrizko adostasunak hausten ari dira –Europan, adibidez–; hau da, jabeen eta lan-indarren arteko kontsentsuak, Frankfurteko Eskolan esango luketen bezala. Batetik, kapitalaren indarrei buruz ari naiz –banku-sektoreak, ekoizpen-sektore multinazionalak, teknologikoak eta abar–; bestetik, soldatapekoei buruz ere bai –klase ertainak, herrikoiak, autonomoak, enpresa txikiak... gehiengo soziala–.

Gutxienez beste hiru faktore azpimarratu beharko lirateke, bestalde, edozein azterketa egiterakoan; alegia, nahitaezko birbanaketa fiskal adimentsu, sentikor eta ekitateranzko joera duena –ez konfiskatorioa, aldiz– falta nabarian dela; elite produktiboetako batzuek –%15-20?– gizartea soberan dutela eta gizarteaz abstraitu/independizatu nahi dutela –kasurik okerrenean, gizarteaz baliatzearekin nahiko luketela–; halaber, gizartearen %10-15-20? –herrialdearen arabera– pobrezia-arrisku errealean bizi dela –Europan berriz–, eta hori onartezina izan beharko litzaigukeela, ezta egoismo hutsagatik ere –elkartasunagatik ezin bada izan–.

Diagnostiko laburregia, ziur. Akaso, demokrazia sozialak XXI. mendean jorratu beharko lituzkeen printzipio nagusiak? Hala izatea gustatuko litzaidake benetan. Izan ere, iraganeko eskema ideologikoek eta diskurtsoek ez dute konbentzitzen. Ez dira nahiko. Eboluzionatu egin beharra dago gehiago izateko, mamua gailentzeko. Gertatzen ari dena konprenitzen ez dutenen eta interesatzen ez zaielako egoera ulertu nahi ez dutenen artean posizioak galtzen ari gara, nonahi, etengabe. A ze beldurra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak