Urteetako lan, ahalegin eta kemenari eutsiz, mugimendu feministek jarri dizkiguten betaurreko ubelei esker, gizartearen edo haren gizabanakoen ohiko jarraibide gisa identifikatzen edo testuinguru jakin bateko bromak bezala ulertzen genituen gertaerek gorritu egiten gaituzte gaur. Argi eta garbi sumatzen eta geure baitan edo ingurunean arbuiatzen ditugu; are gehiago, betaurreko ubelek gure seme-alabak berdintasunaren eta ekitatearen balioetan hezten laguntzen digute, prisma horretatik so eginez justifikaezina dena epaitzeko tresnak ematen irakatsiz.
Feminismoak ispiluan begirada itzultzen digu nire belaunaldiko eta aurreko gizonoi, iraganean eragin dugun kalteaz barne-gogoeta suspertuz. Bizitzan atzera bueltarik ez dagoen arren, orainaldian eta etorkizunean pertsona hobeak izaten laguntzen digu, halaber. Feminismoak bigarren aukera bat eskaintzen digu bigarren aukerazaleoi.
Pertsonalki egin ezean, akaso kaltetuen aburuz merezi ez dudan barkamena eskatzera ausartzen naiz hemen, nire ekintzengatik, kontzienteki edo ez feminismoak begiak ireki baino lehen mindu ditudanak zauritzeagatik. Bidegabeko jokabideak izan ditut askotan, portaera matxistak batzuetan, hala da, eta ez nago haietaz harro.
Eskerrak eman nahi dizkiet emakumezkoei eta elkarteei, alegia; gure ekintzak argi morearen iragazkiaren bidez antzematen, aztertzen eta proiektatzen irakatsi diguten haiei guztiei.