Hazkundearen dogma

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2023ko urt. 21a, 00:00

Nature aldizkariak kolokan jarri du ekonomiaren etengabeko hazkundean oinarritutako garapena (Degrowth can work - here’s how science can help, Vol. 612. 2022-12-15). 

Han-hemen, ekonomia sozialaren adituek hazkundearen dogma urratzen duen tesi berri bat defendatzen dute; alegia, herrialde oparoek aberastasuna sor dezakete materia eta energia gutxiago erabiliz, helburu nagusi gisa hazkunde ekonomikoari uko egiten badiote ere. Hazkundearen paradigma globala klima-aldaketa eta kolapso ekologikoa bultzatzen ari omen da.

Munduko herrialde industrializatuen otarrean Barne Produktu Gordinaren hazkunde-arrautzak baino ez dira. Ekonomia sozialaren ikertzaileek, aldiz, hazkundearen beherapenaz hitz egiten digute; produktu gordina alde batera utzi, jarduera ekonomikoa giza premiak eta ongizatea asetzera hurbildu, ekonomiak desfosilizatu eta gizarteen emaitza humanitarioak ondu. 

Nola ekin? Sektore produktibo suntsitzaileen garrantzia murriztuz –esaterako, erregai fosilak, haragiaren eta esnekien ekoizpen masiboa, abiazioa eta, bereziki, jet pribatuen trafikoa–, baita produktuen zaharkitze programatua amaituz ere; errenta baxu eta ertaineko herrialdeen zor bidegabe eta ordainezinak deuseztatuz, nazioarteko merkataritzan truke desorekatua geldiaraziz eta produkzio-ahalmena helburu sozialak lortzera bideratzeko baldintzak sortuz. Nola edo hala, zerbitzu publikoetara behar beste inbertsio eta funts bideratu behar dira: osasun-arreta, hezkuntza, etxebizitza, garraioa, energia berriztagarriak eta kalitate handiko elikagai nutritiboak eskuratzeko aukera unibertsala bermatu beharra dago. 

Utopikoa? Gobernuentzat erronka bat da, ekonomia klasikoan errotutako ideologiak dituztelako eta, sarritan, hazkundea beste angelu batzuetatik aztertzen duten ikertzaileengandik mesfidati direlako. Neurriak neurri, geroz eta oinarri zientifiko zabalagoa duen eztabaida dugu, behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak