Askatasunaren muga

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2021ko ira. 11a, 00:00

Iragan ez horren urrun batean, bizitzari buruz orain baino are gutxiago nekienean, nire adineko hainbat gaztek "kale borroka" zelakoa praktikatzen zuten, "independentzia eta sozialismoa" xede, antza. Egunotan, bide batez, bestelako gazte batzuek, gutxienek kasu honetan ere, gizartearen aurkako ekintza biolentoak burutzen dituztela ikusten ari gara. Dirudienez, COVIDaren pandemia tarteko, askatasun indibidualaren aldarrikapenean; hau da, alkohola eta beste drogak kalean kontsumitzeko askatasuna ikur.

Nola aldatzen diren gauzak… Ez dakit indarkeria bien artean zein iruditzen zaidan antzuago. Bata zein bestea gaitzesgarriak, eta nola edo hala justifikatzeko entzuten ziren eta diren argudioak oinarri etikorik gabeko saiakera ustelak. Natura ezberdinak izanik, biak elkarbizitzaren aurkakoak ditugu, gure testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoak nahiko aukera ematen baititu aldarrikapenak era demokratikoan plazaratzeko, bideratzeko eta defendatzeko. Orduan eta orain.

Halaber, erakundeek gizarte kohesiorako eta gazteen integraziorako indarrean dagoen sarea etengabe ehuntzen joan beharra dute, edozein adierazpen biolentori aitzakia kentzeko. Gazteen eta gizarte kolektibo ahul ororen integrazioak berma behar du izan.

Ez naiz ni, ordea, aldamenekoa epaitzeko nor. Norberak ikusiko du bere buruarekin eta osasunarekin zer egiten duen. Nork ez darama, azken batean, harri koskor edo eta astunez jositako bizkar-zorrorik. Mugarria, aldiz, argi daukat garaiotan ere: nire askatasunaren muga aldamenekoarena hasten den puntu horretan bertan kokatzen da.

Contradictio in terminis, pentsa lezake batek baino gehiagok idatzi honen tituluari jarraituz. Baina ez. Askatasunak ere badu mugarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak