Azaltzen zuen nola Elias Canettik zioen ez zegoela inor bakartiagorik sekula gutunik jaso ez zuen pertsona bat baino. Bakardadea distantzia zela, existentziarenganako gogoez halako bat. Gutuna, aldiz, distantzia hori leuntzeko asmazio eder bat. Inoiz iritsiko ez zaigun gutun baten esperoa omen da bizitza.
Izan ere, ez al da ederra, inolaz ere espero ez duzula, auskalo nork, zuretzat propio idatzi izana? Nork ez du gogoan, auskalo noiz, eskuz idatzitako gutun hark sorrarazitako zirrara?
Asteon, euskal udalekuetako boluntario batekin hizketan piztu zitzaidan gogoeta. Izan ere, udalekuetan landu ohi dituzten balio ederren artean dago gutunak idaztearena ere. Gure etxean ere, iragan udaran, presente izan ditugu euskal udalekuak; bertatik bertara ikusi dugu boluntarioek egiten duten lan bikaina. Galduriko ohitura bat hauspotzeko ere balio izan digu; dagoeneko bidean dira maitasunez idatziriko bi izkribu txiki, pentsatzeko denez, Amazoneko mila paketeren artean ezkutaturik. Correos-entzat ezerezaren ezereza, baina, ongi bidean, Euskal Herriko bi txokotan ezusteko bi bihotz-zirrara pizteko prest. Helduko al dira…