Arotzak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Biain

Bada poema ezagun bat, Lauaxetak idatzia, eta Txuma Murugarrenek musikaturikoa, zeinetan bizitzaren gazi-gozoak modu ezin ederragoan azaltzen diren.

Egunak daramatzat poema buruan dabilkidala. 

Iragan larunbat goiza zen. Eguraldi zoragarria. Ezkontzaren bat ospatzen zen, antza, herriko plaza jendez lepo zegoen eta. Plaza inguruan genbiltzala jaso genuen deia: agurtu nahi bagenuen bizkor joan gintezela.

Arotzek lan dagite, zahar eta gazteak: ohea batak badagi, hilkutxa besteak.

- Arren, ohea bukatu nasai lo dagidan bihotzean poza zaidan maiteaz batera…

- Geldiro hilkutxa egin. Eder zait bizitza…

- Ene arotz gaztea, ekin beharrari. Hain maite dudan ohea itxi amaituta. Arotz zahar horrek berriz alde egin lanari…

Arotzek lan dagite, zahar eta gazteak: ohea batak badagi, hilkutxa besteak…

Ezkonberrien bizitzeko grina alde, batetik; heriotzari diogun beldurra, bestetik.

Oraingoan ere arotz zaharrak isil-isilik egin du bere lana, guk nahi baino lehenago; bizi-legea, finean. Etxekoontzat Luis, aitta edo aittajaun. Lagunentzat, Anduako Luix. Maitatua izan zara bizitzan eta maitatua izango betirako oroimenean ere. Lurrak gozo har zaitzala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak