Ondare immateriala

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Biain 2026ko ekainaren 10a

Astean etorri zaigu alaba esanaz eskolan eskatu dietela zerrenda bat osatu dezaten beraien ustez ondare immaterial bezala hartu daitezkeen adibideekin.

Pentsatzekoa denez, galdu samar sumatu nuen, ez baita erraza nondik hasi asmatzea ere.

Egia esan, ondare immateriala entzutean, batez ere alderdi artistiko, historiko nahiz kulturalarekin loturiko elementuak datozkigu burura. Galdetu diot, nola ez, Google bilatzaileari ere, eta zera diosku: Ondare hau babestea ez datza objektu fisikoak zaintzean, baizik eta komunitate bateko kide izatearen sentimendua ematen duten ezagutza bizia eta giza praktikak zaintzean.

Gurera, Euskal Herrira, ekarrita, iruditzen zait adostasun zabal samarra aurkituko genukeela aipatuko bagenitu Corpus dantzak, bertsolaritza, artzaintza…

Badira, ordea, niri, behintzat, bere txikitasunean, itzeleko ondare immaterialak iruditzen zaizkidan beste elementu batzuk ere; esaterako: herriko kaleetako ogi egin berriaren usaina, neguan tximiniei darien su-egur errearena, kanpai-hotsak, txikiteroak, baita gona eta zapatiladun emakume paseanteak ere… Eta, zer esanik ez, gure amandre-amamen errezeta goxo askoak ere. Guztiak maite ditut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak