Euskara, Euskal Herria eta euskal kultura maite duen ororentzat zinez berri txarrak. Lurraldetasun aldetik banatuta, estaturik gabe, diglosia egoera latzean... administrazio publikoa erdalduntzeari ateak irekiz gero, horra hor galbidea.
Zenbaitek egingo du bere justifikazioa, alderdi identitarioa eta lanerako eskubidea elkarren aurkako talkan baleude edo. Bata zein besteak uztarri berean behar lukete, ezinbestean.
Astean jakin dugu PNVren eta PSEren artean "zaila" izango dela Enplegu Publikoari buruzko Legean adostasun bat erdiestea. Pentsatzekoa da, egungo Jaurlaritzan, euskararen inguruko politika anbiziotsuek bide neketsua izango dutela; izan ere, bi alderdien arteko komenientziako ezkontza horrek euskarak behar duen nazio ikuspegia eta politika ausartak erabat galgatzen ditu.
Larrialdi linguistikoan gaude, eta horrenbestez, esan dezagun larrialdi identitarioan edo nazio-larrialdian ere sartu garela. Ez da kalkulu politikoetarako garaia; ausart eta eskuzabal jardutekoa baizik.