Paper zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Biain 2026ko martxoaren 4a

Otsailaren 23ko estatu kolpearen paperen desklasifikazioa dugu hizpide egunotan.

Ongi dago; behar zen paper horiek argitara ateratzea. Izan ere, espainiar estatuko historia garaikidean, aski esanguratsua den pasartea da 23F delakoa, eta zer esanik ez jada ikonikoa den guardia zibil bibotedunaren irudia.

Sortu den zalaparta ikusirik, ezinbestean datorkit burura Esopo zaharraren Mendien erditzea alegia ezaguna, zeinetan azaltzen den nola lurrikara ikaragarrien ondoren mendia halako batean erditzen den eta sagu txiki bat jaiotzen baiten.

Nolanahi ere, atera dira bitxikeria bat edo beste ere. Adibidez, Herri Batasuneko hautetsiek, otsailaren 4an, Gernikako juntetxean, Espainiako errege zenaren aurrean, zutik eta ukabilak goran Eusko gudariak abestu izanak militar bat baino gehiago asaldatu zituela, eta, agian, pentsatzekoa denez, baita orduko Espainiako erregea bera ere.

Dena dela, paper zaharrak argitara ekartze horretan, borondatea benetan zintzoa bada, eta ez momentuko kalkulu politikoei lotua, badago egiaren eta justiziaren izenean zer desklasifikatu; hamarkada luzeak baitaramatzagu tortura eta erailketa kasu askoren inguruko bertsio ofizial faltsuekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak