Badira, ordea, etsipenari izkin eginez, hauspo-lan ederrean dihardutenak. Ezin hemen zerrendatu iragan urteotan, auzotasunetik, gure herriaren luze-zabalean egindako lan bikain askoak.
Gaur, ordea, lerro hauek baliatuz, bioakio nire aitortza Araotzeko Zertzuk berripaper xume bezain ederrari. Hizkuntza zaindu askoa baliatuz, zein modu politean jasotzen duen araoztarren iraun-nahia: gazteenen ilusio beteko proiektuak, batetik; adinekoen jakinduria eta memoria, bestetik. Biak ere uztarri berean.
Horrelaxe izan dut nik Maria Eizagirre Pagadizabalen berri, Erreka Txikiko alaba: gerra garaian, gizona ihesik joana zela, eta ager zedila biharamunean Oñatiko kuartelera. Ondorena nahiko jakina da: errizino-olioa edanarazi, ilea moztu, erdi biluztu, jendaurrean makurrarazi… beste zenbait emakumezkorekin batera.
"Zer ez ote zioten egin gure Mariari Oñatiko kuartelean", galdegiten omen zuen Erreka Txikiko harginak bere azkenetan.