Hor dugu, esaterako, Aita Lasaren sermoi hartako "ilustrísimos pastores, ilustrísimos ministros" hura, hor gure Urepeleko artzain maitea eta, zer esanik ez, euskal literatura klasikoko Garoa nobela ere; Oñatin girotua, Joanes artzaina protagonista duena. Honela dio:
Hura zen gizona, hura! Zazpi oin eta erdi bai luze, makal zuhaitzaren irudira zuzen, pagorik lodiena bezain zabal, arte gogorra bezala trinko, gorosti hezearen antzera zimel. Horrelakoa zen Joanes nik ezagutu nuenean. Sendoak zeuden oraindik artzain zaharraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oinak, zindoak bere bular-hauspoak. Hirurogeita hamabi aldiz ikusi zuen, Aloña mendiko hariztietan, hosto berdea berriz jaiotzen; baina ez zion eramango hemeretzi urteko mutil batek ez aizkora jokoan, ez burdina astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zehar lasterka.
Eta horrelakoa zen Maximo nik ezagutu nuenean. Maiñako zelaietan, artilezko galtzerdiak eta abarkak soinean, umoretsu eta indartsu. Horrela oroituko dut nik beti. Araozko lurrak goxo har zaitzala, Maximo.