Diskurtso honen lerro artean, ordea, bada, agian, oharkabean pasatu ohi dugun errealitate bat: alde zaharretako etxebizitzak. Asko eta asko hutsik, txori-etxe. Errazagoa eta erosoagoa baita auzo berri batean etxea erostea, eraikuntza enpresen begietara hirigintza betebeharrak eta eraikigarritasunaren arteko oreka hori ez baita beti erakargarri suertatzen.
Bestalde, nork ez ditu maite gure herrietako kale-kantoi zaharrak, auskalo noiz hargin, arotz, errementari zaharrek pazientzia eta mimoz eginak. Alde zaharrean etxe bat nahiz landa eremuan baserri bat eraberritzen den aldiro, nago norbaiten bihotz-bulkada bat egon dela hor; ondareari eusteko ahalegin bat, zinez eskertzekoa.
Alde zaharretako eraikinak eraberritzeari dagokionez, erakunde publikoek eskutik joan beharko lukete; egoerak eskatzen duen tamainako politika publiko eraginkorrak behar dira: fiskalitatea, dirulaguntza zuzenak eta ondareari kalterik egingo ez dion eraikigarritasun malgua.