Are gutxiago, etortzear dena aurreikustea. Etxe Zuriko maizterrak, denbora galtzeko asti barik, harropuzkeria nabarmenez, badihardu, egunez egun, letra lodizko dekretu-zerrenda amaigabea sinatzen.
Naomi Klein idazleak ongi azaldu zuen, Shockaren dotrina izeneko liburuan, nola Txilen, Pinochet-en diktaduran, AEBetako Chicagoko mutilak motozerra hartuta Allenderen gobernuak eraikitako ongizate sistema publikoa deuseztatzen saiatu ziren. Txilekoa adibide bat besterik ez den arren, zenbait agintari politikok –Trump, Miley…– jendearen erreakzio gaitasuna murrizteko asmoz darabilten shock teknika bataiatzeko balio izan zuen.
Duela 10 urte galdetu izan baligute ea Pressing Catch-eko pertsonaia bat AEBetako presidente izatera helduko ote zen, barre algara aterako zitzaigun, seguru asko. Ba, hortxe dugu pertsonaia bene-benetakoa, oraindik heltzear den nerabearen harrokeriaz puztuta, mundua bere baloia balitz bezala, jolasean.
Nolanahi ere, esperantza izpiren bat ikusi nahiko nuke, eta nago berandu baino lehen bere zabarkeria eta hanka-sartzeek benetan merezi duen tokian jarriko dutela.