Nire irudiko, behintzat, ez da arrazoi faltarik tamaina horretako hitzak erabiltzeko. Maila sozialean, azken urteotan gizarteak izan duen bilakaera demografikoak eta IKTen edota sare sozialen zabalkundeak eragin dituen aldaketak jakinekoak dira. Hori horrela izanik, agian etsipenenetik, egoera hori iraultzea nekeza edo ezinezkoa da.
Besterik da euskarak behar duen legezko estatusari dagokionez egiteko dagoena. Izan ere, berez euskara jaso ez duen horrengan, hizkuntza ikasteko motibazioak oinarri sendo bat behar du; ezin bada gure hizkuntzaren patua norbanakoaren borondate onaren mende utzi.
Astean, irratiko elkarrizketa batean, erretiroa hartu berri duen Benito Lertxundiri –bejondeiola– galdetu diote gure hizkuntzak biziraungo badu zer behar duen. Erantzun zehatza eman zuen Benitok: "Agintariak behar ditu gure hizkuntzak". Gustatu zitzaidan erantzuna; zehatza eta zuzena.
Izan ere, hizkuntza batek behar duena estatus sendoa da. Erabaki politiko ausartak, inoizko ausartenak behar ditu gure hizkuntzak.