Bizilagun berri bat dugu! Duela aste bat, isil-isilik leiho ondora gerturatu eta lore artean zirkunferentzia perfektuzko habia eder bat egin ostean bertan gelditzea erabaki zuen, antza. Berde koloreko hiru arrautzatxo polit askoak errun zituen hiru egunez jarraian, eta hor segitzen du iragan egunotan, eten gabe, etxekoon begiradapean, arrautzak berotzen.
Biri izenez bataiatu dugu birigarro emea eta aitortu behar dut txundituta gauzkala guztiok. Izan ere, nolatan erabaki ote du bertan habia egitea? Ez al da, ba, egongo gure etxea baino toki lasaiagorik arrautzak erruteko? Dena den, ezin ukatuko dut Biri-k guztioi sortu digula halako poz berezi bat. Badirudi, egungo bizimoduan, gizakiok orokorrean mendi-basoetatik aldendu samar gabiltzan garaiotan, natura bera izan dela etxera gerturatu zaiguna.
Hain egin zaigu bitxia, ezen superstiziora jotzeko tentaldian, gertaeratxoak bere horretan mezuren bat lekarkeela ere pentsatu baitugu.
Baina tira, superstizioak alde batera utzita, naturak eskaintzen digun opari txiki horretaz gozatzea pentsatu dugu. Gauzak ondo bidean, San Juan bezperetan Biri ama izango da eta guk bazkari eder batekin ospatuko dugu bizitzatxo berrien etorrera.