Gainera, esango nuke ume nintzenetik presente izan dudan zerbait dela hori. Izan ere, haurtzaroan, norbera txiki delarik, inguru guztia ikusten da handi, ezezagun… Eta egoera horretan, ustez ezereza diren zenbait keinu txiki sarritan handi egiten dira txikien begietara.
Nork ez du gogoan haurtzaroan modu batera edo bestera arrastotxoa utzi zion pertsona hori; izan laguna, lankidea, irakaslea…
Nik badut nire oroitzapen kuttunen kutxan gordea dudan bat: andereño Elo. Oso umeak ginen ikastolako garai haietan –5 edo 6 urte?–, baina urte asko igaro arren ondo gogoan ditut gurekin izan zituen zenbait detaile txiki, bere eskuzabaltasuna eta goxotasuna ageri-agerian uzten dutenak.
Gure oroitzapen txikietan presente izango zaitugu. Lurrak goxo har zaitzala, andereño Elo.