Gainera, badago orokortua halako iritzi marko bat, zeinetan digitalizazioari loturiko edozein proposamen aurrerapen gisa ikusten den. Baditu alde on asko, noski, baina alde ilunak ere dezente. Adibidez, helduenen kasuan arrakala digitalak gizartearen erdia jokoz kanpo uzten du, "ez-gai" digital moduan, edozein izapide arrunt egiteko hamaika eginbehar ulertezin jarrita. Gaztetxoen kasuan, aldiz, hauetako asko jaiotzez digitalak, mundu horretan ustez ongi moldatu arren, agerikoa da luzaroan pantailara itsatsita egote horrek baduela bere ifrentzua; kontzentraziorako zailtasunak, gauzak di-da egin behar hori, liburuekiko deskonexioa, harreman galerak...
Oraindik nahiko fenomeno berria izanik, ezin garbi jakin zein ondorio utziko dizkigun, baina gutxien-gutxienean, adi-adi jarraitzeko gaia dela iruditzen zait eta espiritu kritikoz, gainera.