Aipatu tokiok memoria-leku izaten dira usu; iragan aski hurbilean indarrean izan ziren gizarte ereduen lekuko isil bezain biziak. Esango nuke nekez aurkitu genezakeela garaiko gizarte-klase banaketa, lan baldintzak, industria teknologia, langile mugimenduaren bilakaera… bezalakoak ezagutzeko modu hoberik.
Opor garaia baliatu ohi dugu toki esanguratsu hauetara gerturatu eta etxeko guztiok errealitate hauek ezagutzeko.
Aurten, Saguntoko Labe Garaiak izan zirenaren arrastoan joan gara, XX. mendearen hastapenetan bi euskaldunek sortu zuten hiri-faktoria-ra, hain zuzen, zeina sei mila langiletik gora izatera iritsi baitzen. Zirrara sortu ohi duten leku horietako bat: arkitektura, laurogeiko hamarkadako eraldaketa industriala, tokiko testigantzak…
Iruditzen zait agenda publikoetan toki nabarmena hartu beharko lukeela gure historia garaikideko memoria-leku hauen errekuperazio eta kontserbazioak.