Gaztetxoa nintzen, baina ondo gogoan dut gertakari hark herrian sortu zuen samina. Halakoetan gertatu ohi denez, Estatuak, Guardia Zibilarekin eskutik, bertsio ofiziala plazaratzeaz batera, hedabide gehienek, taxuzko azterketa edo kontrasterik egin gabe, bertsio ofiziala bere egin zuten. Zertarako buelta gehiago eman… Finean, tiroketa bat, modu batera edo bestera. Komenientziara eraikitako gezurra saldu nahi izan ziguten, berriz ere.
Pako Aristi idazleak liburuaren aurkezpenean adierazi bezala, hau gertakari soltea izatetik harago, gure herriko historia garaikidearen erretratu esanguratsu bat da. Bertan ikusten baita nola jokatu izan duen Estatuak, hedabide nagusiek eta bestelako botere faktikoek inpunitate osoaz baliatuz.
Irunberrikoak, gainera, gertatu zenak, lekuak, garaiak… ez al du barnebiltzen halako sinbolismo berezi bat, halako lirika gogor bat? Gazte euskaldunak, askatasun egarriz, Irati ibaiaren urertzera joanak, non eta bertan heriotza aurkitzen duten.
Bejondeiela Gure Bazterrak-eko kideei eta Pako Aristiri Arroilaren iluntasunean argia egiteagatik.