Antzeman dio emakume ikasia eta jantzia dela. Gerora jakin du Parisen ikasitakoa dela, Sorbonan, eta medikuntzan ez ezik artean ere bere ibilbidea egindakoa dela.
Valentziatik dator Maria. Arte-galeria propioa du eta itsas paisaia eder askoak marrazten ditu, sortaldeko argia baliatuta. Paper zahar batzuetan irakurri berri du bere amandrea hija natural izan zela eta baserri batean bizi izan zela 5 urtez, bere ama berriz bila etorri zitzaion arte. Nolatan? Barne bulkada batek eskatu dio haritik tira egitea. Ez zuen asko uste bere genealogiaren hari-muturrak larre berde eta teilatu gorridun paisaietara ekarriko zuenik.
Gabriela zuen izena neskatoak. Mariak jakin du nola Gabrielaren ama, neskame gazte zelarik, haurdun gelditu eta umea kendu ostean Bartzelonara bidali zuten. Pentsa litekeenez, agian, emakumeen erreklusio etxe batera. Sarritan, destierroabaitzen garaiko autoritate patriarkalak ama erditu berriari ezartzen zion zigor bikoitza. Moralaren izenean, zenbat horrelako.