Justiziarik ezean, nonbait, norbaiten onberatasunak, gizabideak, sinadura batek, irristu bat zabalduko ote duen esperantzan… halakoei heldu izan gatzaizkie maiz. Baina esperantza guztien gainetik, espainiar justiziak aginduta, "penitentzia" gailendu da oraingoan ere.
76 urte beteak eta 30 urte kartzelan igaro izanagatik ere, Joseba berriz barrura.
Hegaldi laburra izan da Josebarena; laburra bezain ederra. Hegalak moztuko ote zizkioten beldur, agian? Besarkatu ditu lagun zaharrak, bisitatu ditu gaztaroko txoko kuttunak; Kalebarrian behera entzun genion esaten "hemen xauan Naparrena" eta "hor goratxuauan perratzailiena". Frankismo betean alde egin zuen herritik eta gaurdaino ezin izan du herriko kalerik zapaldu.
Konpondu gabeko gatazka baten, burutu bako bake prozesu baten hezur-haragi gordina. Tristea den arren, Josebarena bezalako kasuek bistaratzen digute herri zahar honetan, sarritan, normaltasunezko maindirepean ezkutaturiko ukazio historikoa.
Urtarrilaren 7an, Bilboko kaleetan izango dugu aukera, beste urte bat gehiagoz, preso politikoak kaleratzeko aldarri ozena egiteko.