Errealitate hau inolaz ere gutxietsi gabe, mingarria delako, ez genuke bistaz galdu behar lege berriaren izpiritua zein den. Zigorrak ez ezik, prebentzioak duen garrantzia. Sexu indarkerien atzean ezkutatzen diren egitura patriarkal ikusezin horiek. Zenbat biktimaren garrasia ez ote da ito epaitegietan, onespenaren putzu lokaztuan. Onespena? Bizia galtzeko beldur sarritan, askotariko menpekotasunengatik besteetan…
Zer esanik ez emakume migratzaileen kasuan, emakume izateaz gain, beraien egoerak oraindik eta zaurgarriago egiten dituen intersekzio horretan. Adin txikikoek jasaten duten sexu indarkeria ere hor dago. Erabateko menpekotasuna baliatuz isil-isilik egin izan direnak.
Sarritan gertatu ohi den bezala, ilargiari begiratu ordez, ilargia erakusten digun hatzari begira geratu dira asko. Orain arte izenik ez zuten delituei izena jarri zaie, eta ez da gutxi.
Azaroak 25 ditu gaur. Biolentzia matxista jasan duten guztiak gogoan, poliki-poliki bada ere, bagoaz bidea egiten.