Hantxe nengoen edo nenbilen ni 1997ko uda hartan. Antonio eta Maxima aitona-amonek hegazkineko billetea oparitu eta ingelesa ikasi alde, Straight Wharf jatetxean, bertako turista dirudunen platerak garbitzen, Eanel eta Wayne, lagun egin nituen bi jamaikarrekin batera.
Denbora librean, Obabakoak eta El Fugitivo izan ziren udako irakurgaiak. Gustura irakurtzen nuen, batez ere, Obabakoak; etxetik urruti egoteak sortzen duen herrimintxo horregatik, agian. Euskal Herria askatu!!! kamiseta izan zen uda hartako uniforme nagusia. Irla txiki hartan gutxi izango ziren nondik nentorren ez zekitenak.
Noizik behin gutuna eta astean behin edo, ez beti, telefono deiak ziren komunikazio bideak. Gogoan dut, lan-etenaldian, portuko barran eserita nengoela, nola gerturatu zitzaidan kapeladun adineko gizon bat, haserre samar, eta nola galdetu zidan ea zer gertatzen ari zen Euskal Herrian. Ikusten dut oraindik zein kale izkinako telefono kabinatik deitu nuen etxera, errutinazko "ze barri" baten aitzakian. Orduan jakin nuen gertatzen ari zen guztia. Uda hartako lurrikarak ozeano eta itsaso guztiak zeharkatu zituen.