Sarritan, gure eguneroko zoroan murgildurik, iruditzen zait izaten dugula halako joera bat gure seme-alaben gaitz askoren erantzule nagusi eskola egiteko. Izan euskararen erabilera, izan ingurumenaren zaintza, izan genero berdintasuna, sexu aniztasuna… Noski, han jasotzen dituzte ikasgai asko eta asko, han harremanak izaten dituzte, batez ere, beraien adin tartekoekin… baina askotan ahaztu egiten zaigu denbora gehien-gehien eskolaz kanpo igarotzen dutela, familian edo lagunartean; hein handi batean, behintzat.
Eskolak badu berez ardura eta funtzio sozial oso garrantzitsu bat; gizartean, etxeetan, berez gertatzen diren ezberdintasun sozialen aurrean, halako funtzio berdintzaile bat, alegia. Eta nola ez, gure haurren hezkuntzan, ikuspegi akademikotik, berea da ardura nagusia. Baina horrekin batera, etxeak, familiak, komunitateak ere ez du ardura txikiagoa. Eraiki nahi dugun gizarteari begira, gure txikiei helarazi nahi diegun balioen inguruan, hain zuzen.
Horregatik ezinbestekoa da eskola curriculuma, baina ez gutxiago etxe edo herri curriculuma.