Izan AHT, izan harrobi bat… Gurera etorrita, adibide bat izan liteke Arantzazuko harrobiaren handitze proiektua. Jakina denez, auzoak, herriak eta udalak kontrako jarrera agertu dute hasieratik, hainbat arrazoi tarteko, ingurumen kalteak alde batetik eta baita Udalak bere lurren antolamenduan dituen eskumenak oinarri hartuta ere.
Ba, horixe da, justu, lege aldaketa honek bilatu nahi duena. Udal baten araudiari jarraiki proiektu bat egikaritzea ezinezkoa bada, lasai egon, orain Jaurlaritzak badu-eta tranpolin aparta Udalari gainetik salto egiteko, arrazoi "estrategikoetan" oinarrituta, hori bai.
Eta "estrategikoa" zer den, horixe da hemen gakoa. Normalean hormigoiaren sinonimoa izan ohi den hori, hain zuzen. Gero egingo dituzte, hori bai, 100 parte-hartze prozesu, herriz herri, plaza erdian karpa dotore askoak jarrita, mila txikikeriaren inguruan herritarrak entretenitzeko.