Propaganda alde batera utzi eta datuetara joanda:
-Udalaren zorpetze bizia: 2010ean, 6.366.107 euro; 2015ean, 2.055.000 euro (%66ko jaitsiera).
-Udalaren aurrezki garbia: 2010ean, 1.562.400 euro; 2015ean, 1.550.172 euro (mantendu).
Esan beharrik ez dago ze garrantzi duen krisi garai gordinenean ere aurrezki garbi positiboa mantentzeak, sarrerak gastuen gainetik izatea, alegia. Presio fiskala minimoetan mantenduta, gainera. Zorpetze maila minimo historikoetan dago gaur egun.
2011 aurretik hirigintza arloan udalak izaten zituen aparteko diru sarrerak aspaldi desagertu ziren. Egungo udal gobernuari eta aurreko agintaldikoari ohiko baliabideekin aurrera egitea egokitu zaigu. Adibide bat: 2008an bakarrik, hirigintzako lur salmenta eta aprobetxamenduengatik udalak 4.200.000 euro ingresatu zituen. 2011-2016 tartean, 1.448.224 euro izan dira guztira. Joan ziren EAJk amesten dituen "pelotazo" garaiak.
Kreditu aldaketarako espedienteak egin eta inprobisazioz jokatzea leporatzen digute. Datu konparaketa bat: 2007-2010: kreditu aldaketarako 37 espediente. 2012-2015: 33. Ohikoa izan den prozedura, alegia, ezohiko diru sarrera bat edo kreditu behar bat sortu izan denean. Baina alarma-mezua zabaltzeko edozerk balio du, antza.
Oñatiko EAJren udal taldeak erakutsi du, ekarpenik ez egiteaz gain, trabak jartzea duela helburu. Ez dugu inoz sumatu lankidetzarako prest agertu den oposizio arduratsurik. San Martin izan zen adibide garbiena: gobernuak urbanizazioa aurrera ateratzeko plangintza proposatu eta EAJk ezezko borobila, epaitegietara joateraino, gainera. Lotsagarria oposizioaren jarrera: egin ez eta egiten utzi ez. Zorionez, epai hark ere agerian utzi zituen EAJren irakurketa eta asmo okerrak. Gaizki dihardugula eta Oñatik beste kudeaketa bat behar duela diote, beraien laguntza horretarako eskainiz, gainera. Ironia hutsa.
Urtarrilaren 28an agintaldi osorako egitasmoak aurkeztu genituen, eta urtez urte hauek gauzatzeko konpromisoa agertu, orain arte bezala udalaren ekonomia eta finantza oreka zainduz. Guk lanean jarraituko dugu, beste batzuek matrakari eragiten dioten bitartean.
----------
Mikel Biain Berraondo
(Oñatiko Udal Gobernu Taldearen izenean)
Oñati