Ordutik, kale garbiketa zerbitzuaren ardura FCC enpresaren esku egon da. 2008an jada amortizatuta zegoen makineria 2011n oraindik enpresak fakturatu egiten zion Udalari eta 2018ra arte, gainera, Udaletxea lotuta zegoen. Kontratuaren ez betetzeak eta zerbitzu arazoen ondorioz, zigorrei eta negoziazioari esker 2013an kontratua bertan behera lagatzea lortu genuen, baldintzaturiko kontratu berri bat sinatuz. Kontratuaren ez betetze nabarmenek jarraitzen dutela ikusirik, 2016ko irailean kontratua behin betiko amaitzea erabaki da.
Kale garbiketa udal batentzat oinarrizko zerbitzu bat (legez hala da) izanik, aurrerantzean udalak berak era zuzenean kudeatzeko prozedura abiatu du. Zerbitzua eraginkorragoa izatea aurreikusten da, udalak zuzenean kontrolatuko du, lanpostu gehiago sortuko dira eta ekonomikoki jasangarriago aterako da, gainera: zerbitzuaren BEZa eta enpresaren irabazia saihesten direlako. Zergatik egon azpikontrata baten menpe orduan? Zerbitzu publikoetan sinisten dugu, eta, hain oinarrizkoa den zerbitzu baten kasuan, urteotan izan dugun esperientziatik, udalak bere baliabide propioekin eskaini beharko lukeela ondorioztatu dugu.
Udalak zerbitzua zuzenean eskaintzeko, jardun osoko 10 lanpostu berri sortuko ditu, eta, lanpostu berri horiek publikoak izaki, arlo publikoan oinarrizkoak diren printzipioak errespetatu behar dira: edozein herritarrek izan lezakeen konkurrentzia edo lehia eskubidea kasu. Zentzu honetan, harritzekoa da langile ordezkari batzuek darabilten diskurtsoa, administrazio publikoaren atzeko atea parez pare irekitzeko eskaerarekin. Hori ez da legezkoa, ez eta bidezkoa ere.
Hau guztia kontuan izanik ere, FCCko langileen ordezkariei hasieratik adierazi zitzaien moduan, udaletik ahalegin berezia egingo da gaur egun ematen diren egoera ezberdinak kontuan izanik, zerbitzuaren berreskuratze prozesuaren baitan posible diren malgutasun neurri guztiak ezartzeko.
Bide batez, herritarrei gonbita luzatu nahiko genieke urtarrilaren 19an arratsaldeko zazpietan Kultur Etxean izango den bilera informatibora gerturatzeko.
----------
Mikel Biain
(Udal Gobernu Taldearen izenean)
Oñati