Belarriak mugitu

Erabiltzailearen aurpegia Martin Berrizbeitia 2019ko urr. 19a, 00:00

Gogoan daukat umetan nola aitari eskatzen genion belarriak mugitzeko. Normalean gustura erantzuten zion eskaerari: aurpegia era barregarrian bihurritzen zitzaion; belarriak aurrera eta atzera eragiten zituen, milimetro batzuk bada ere. Barrez lehertzen ginen gu. Hasieran ikuskizunak berak eragiten zigun barrea. Geroago, nire ustez, aitari xelebrekeria eskatu eta berak erantzutean bilatzen genuen plazera.

Honekin lotuta, bertsolari etiketa daukagunok sarritan bizi izan dugu antzerako egoerarik: bertso bat botatzeko eskatzen digute. Gehienetan ordu txikitan, atzetik musika burrundaka daukagula. Gainera, bertso saiorik sekula ikusi ez duen norbaitek eskatuko dizu gehienetan, Xenpelar eta Xabier Silbeira bereizten ez dituen norbait bestela… Bertsorik ez dute entzun nahi, ikusi nahi dutena da beraientzat arrotza eta irrigarria den zerbait, xelebrekeria bat.

Beraz, barkatuko didazue baina, lerro hauek baliatu nahiko nituzke eskaera hauei ezezko borobil eta aldez aurreko bat emateko. Ezezkoa, bertso bat entzun beharrean xelebrekeria ikusi nahi duenari. Lehenago ikusiko nauzue belarriak mugitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak