Batzarra Zurrategin izango da, 18:30ean, eta hiru ardatz izango ditu:
Alde batetik, udal legealdia aurrera doala-eta, udalgintzako taldeak legealdiaren balorazio eta errepaso bat egingo du.
Bestetik, bada denbora bat Antzuolako EH Bilduren herri mailako koordinazio talde bat martxan jarri genuela. Egunerokoari begirik kendu barik, urtero gai konkretu bat lantzea da talde honen jardunaren ardatza. 2017-2018an Hezkuntza gaia landu dugu. Hurrengo kurtsorako gaia aukeratzea tokatzen zaigu orain, eta batzarra probestuz aukeraketa denon artean egitea nahiko genuke.
Horretaz gain, 2019ko udal eta foru hauteskundeei begira jarri eta haiek bitartean emango ditugun pausoak zuekin denokin elkarbanatu nahi genituzke.
Azkenik, begirada pixka bat jaso eta zabalduz, nazio mailako egungo egoera politikoari tartetxo bat eskainiko diogu. Larraitz Ugarte legebiltzarkidea izango dugu gurekin irakurketa honetan laguntzeko, eta bizi dugun panorama politiko zein sozialari buruzko hainbat gako eta puntutaz arituko da.
Gonbidatuta zaudete batzar honetan parte hartzera, guztion parte hartzea eta bultzada garrantzitsua baita beti; herrian dugun kartel batek esaten duen moduan, banderak trapu bat besterik ez baita haizerik ez badabil!
----------
Mikel Bargiela Iparragirre
Antzuolako EH Bilduren izenean
Antzuola