Dementzia

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Bargiela 2014ko uzt. 14a, 00:00

Gustuko dut adin luzeko pertsonek eta umeek osatzen duten binomioa. Edonon ikusten ditudanean, begira-begira gelditzen naiz istant batez, lelotuta, aurreko batean Anoetako piszinetan gertatu zitzaidan bezala.

Batak ilusio eta ikusmin handiarekin egiten du guztia, presaka, denbora agortzen ari balitzaio bezala, eta ez ditu gizarte arauak ezagutzen oraindik. 

Besteak, berriz, motel, pazientziaz, denborak ez du beldurtzen eta jada hamaika buruhauste eman dizkioten konplexuak menperaturik dauzka (gizarte arauak txakurraren salara bidali ditu). Bizitzaren bi punta hauek libertatearekin lotzen ditut eta inbidia pixka bat ematen didate. Askotan 80, 90 edo 100 urte izan nahi nituzke, kale izkin batean eseri eta eguna barrezka pasatzeko; lagun batek esaten duen moduan, "me van a tener que aguantar!". 

Emantzipazioa behar bat bilakatu zaigun honetan, konturatzen ari naiz pertsona helduekin hazi eta bizi izatearekin izan dudan suerteaz. 

Gazteagoa nintzenean barre edo behar bezala kasu egiten ez niela oroitzean lotsa sentitzen dut. "Ba, kaka-mutiko bat nintzen", esaten dut barrenerantz, eta justifikatu dudalakoan lasaiago gelditzen naiz.

Bueno, niri ere San Martin eguna iritsi bitartean neure burua zaintzen saiatuko naiz, gorputzari astindu bat eman eta kirol pixka bat egingo dut. Ekarri dudan bainujantzi kutre hau ipini eta uretara noa bizkor, ahalik eta jende gutxienak ikus nazan piura honekin. 

Gerturatu eta uretara salto egin dut buruz, a lo pro. Kloro usainean murgilduta eta biriketako azkenengo oxigeno partikula xahutu bitarteko hiru segundoak nahikoa izan dira ohartarazteko, ostias, oraindik kaka-mutiko bat naizela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak