Gallardon Españako justizia-ministroak abortu-legearen egitasmoa zapuztu diotelako kargua bertan behera laga izanak PP-ren kalkulu elektorala zein estua den erakusten du.
Legealdiak hiru urte egingo ditu laster; ez da erraza Gobernuak emandako hitza behin eta berriro jateko duen gose pantagruelikoaz berririk ematea, dena dago-eta esanda. 2015erako inkesta publikoek iragarpen gaiztoak dituzte PP-rentzat, eta ezkutukoek, gaiztoagoak. Maiatzean udal-hauteskundeak izango dira estatuan, autonomikoak Nafarroan, eta foralak Euskadin; abenduan, legislatiboak, estatuan.
PP-ren gobernuak ikur ideologiko bihurtu zuen abortuaren legea; bidean geratu da, askoren pozerako. Bestelako kili-kilia izango du Wert-ek bere hezkuntza-lege neofrankista indarrean ikusita.
Alberto Moravia italiar idazle bikainak esana da boto-emaileak ez direla inoiz beren botoen bidez agintera eraman duten gobernuaren erantzule sentitzen.