Izan ere, Batasuneko eremu zabal-zabaletan krisi latzetik irten ezin eternoaz gogait eginda dagoen jendeak erantzun egin baitu protesta-botoa emanez batzuetan, botoaz paso eginez bestetzuetan.
Ezra Pound amerikar idazle faxistak zioen gobernatzea arazoak sortzea dela, gero haiei irtenbidea aurkitzen jendea entretenitzeko. Zeozer bazekien Poundek. Europak, baina, orain arazo ekonomikoaz gainera politikoa ere badu indar xenofobo eta antieuroparrak galanki indartu zaizkiolako.
Makiavelo bera ere ipotx errukarri bihurtu zuen Mitterrand Frantziako presidente sozialista maltzurrarenak dira beste hitz hauek: “frantsesek ogiaren prezioa igo delako egiten dute huelga astelehenean; gutxi irabazten dutelako, manifestazioa asteartean; askatasun faltagatik, protesta asteazkenean… eta igandean eskuinari ematen diote botoa”.
Mitterrandek ere bazekien, bai, zeozertxo, eskuin muturreko botoaren sustatzaile ere izan zen-eta bere garaian, bere buruaren presidentetarako hautagaitzaren mesedetan.