Euskaldunon artean, ameslariak asko garelakoan nago, geure errealitate bihurriak edota geure ezinek hartaraturik; auskalo!
Nork ez du gurean amets egin bakeaz, krisi nardagarri hau atzera lagatzeaz, presoak etxeratzeaz, lan duina den-denok izateaz, independentziaz…?
Bestalde, Norvegiatik etorri zaigu, joan den abuztuan, amets baten bertsio urbanoa ematen duena: bertako lehen ministro Stoltenberg, egun batez, taxista bihurturik, Oslon, bezeroak garraiatzen zituen bitartean, bere benetako lanari buruz –lehen ministro lanari buruz– iritzia eskatu zien bidaiariei.
(Hedabideek argi utzi zuten bidaiari aukeratu batzuk ohartarazita zeudela taxistaren berezitasunaz).
Uda izaten baita amets-habia izartsuena, Luther Kingen xalotasunarekin ez dut ba irudikatu, nik ere, Urkullu lehendakaria, taxista mozorropean, jendeari, natural-natural, "lehendakariak ondo dihardu bere lanean" galdezka!? Jota samar egon beharra dago horrelako bat amesteko; hori da, hori, optimismo lotsagabea! I have a dream.