Denda izan litezken tribulazio guztien iturri bihurtu zaio eta, lapurrak ere, jakinaren gainean egonik, ez opor eta ez paso egiten dute Konstanen dendaz. Azken atrakoek saldatarako hezurrak baino koipebakoago laga dituzte irabaziak dendan.
Lapurrek, zer ebatsiko; Udalak, zer jasoko; haziendak, zer zukutuko; auzoko jai-batzordeak, zer jetziko; edota: "Hi, Konstan, kalea konpontzeko dirua batzeko afarira ez duk kalerik egingo, ezta?", orok du zertaz aprobetxa Konstantinosen negozioan.
Halatan zebiltzan Konstan eta haren familia dena, joan den astean, inoiz espero izango ez zutena iritsi zitzaienean: bankuan duten kontu flakotik hainbesteko bat kenduko zaie, Europak aginduta! Bankuburuen eta politikoen diru-juergak bitarteko, Europak Zipreko bankuetako kontujabeei atrakoa egingo die, lege-itxurapean, bai horixe! Europa bera lapur!
Joan den asteko atrako-ahaleginak kale egin zuen, baina ez Konstantinos Haluzinahadisek eta ez haren familiak dute arnasa nasai hartzerik.
Kontuz Europarekin!