... eta den-denek dakite ustearen zein erdi den ustel ere. Nik apal-apal aitortzen dut ez dudala linearik Rouco monsinorearekin eta ez dudala vatikanologo bat bera ere ezagutzen. Nire iritzitxo lauaren arabera bi arrazoik eraman dute Ratzinger dimisioa ematera:
1. Raxoy aliatua lagundu nahiak. Hara: bai Raxoy beraren eta bai PPren diru-kontaduriak, une honetan, ez dabiltza oso katoliko eta PPburu eta Gobernuburu den Raxoyk Jesusenak eta bi pasatzen dihardu. Egoera horretan Ratzingerren dimisioak Raxoyri europrentsako lehen orrietatik eta telediarioetako lehen minutuetatik urruntzeko modua oparitzen dio. Eta batez ere:
2. Gobernua, oposizioa eta sindikatuak jubilazio-adina adostu ezinik dabiltzanean Benedikto XVI.ak, berea 85 urte eta 10 hilabeterekin hartuz, langile guzti-guztiei produktibitate-lezio bikaina ematen die, eta Gobernuari laguntza aparta, erretiroaren langa zein edadetan jarri erabakitzeko.
Ustezko arazo bihurrienek konponbide xaloena izaten dute sarri.