Bada Madrilen bachillerato de excelencia deritzona eskaintzen duen institutu bat. Nota bikain-bikaineko ikasleak baino ez ditu hartzen institutu horrek.
Bada, Gabonak baino lehentsuago eskolako zuzendariak gurasoengana jo zuen, gomendatuz, oporretan seme-alabek ahaztu zezatela Internet, eta aparta zitezela sare sozialetatik eta amodio-kontuetatik.
Bikaintasun-batxilergoko zuzendari jaunak, besterik gabe, Internetetik edota (maiteminaren) sareetatik kanpo nahi ditu 17-18 urteko gazteak?
Nik Wert ministro neofrankistaren zurrunbilo-hotsa hartzen diot kontuari.
Zuzendariak ahaztua ote du bera ere ibilia dela -ibiliko ahal zen!- amodio-min, amets beti bera bihurkin, errenditu ezin, gau eta egun berdin?
Institutuko zuzendari horrek ondo asko egingo luke gogoan hartuko balu datorren astean 84 urte beteko dituen Jeanne Moreau artista frantziarrak maitasun adinako sen onaz esandakoa: "Adinak ez du maitasunetik babesten; maitasunak bai, ordea, adinetik".
Bejondeiela gazteei.