Lan-erreforma gordin-gordin bat egin eta urtetan apurka-apurka metatutako lan-eskubideak txakurraren salara bialduta; osasun eta irakaskuntza publikoan 2012rako aurrekontuetan egindako kenketei 10 mila milioikoa erantsi izana apirilean... Non geratu dira osasuneko eta irakaskuntzako premien edota kalitatezko arretaren ezaugarriak?
Banku eta kaxak zorpetze librean ibili dira; orain ere ez daude geldi, ez; orain, baina, zuloa, gezurrik gezur, estali ezinik dabiltza. Bankiarena da adibide mingarriena: 2011ren bukaeran 300 milioiko irabazia omen zuen; orain megazuloa zenbatekoa den argitzeko ere ez da gauza: 4 mila milioikoa da? 14koa? 24koa?
Horixe da Españaren erradiografia laburra une honetan.
Eta zer diote agintariek? Zertan ari dira? Zorakeria horren guztiaren arduradunei kargu hartzeko asmorik badute? Zer dio, esaterako, Madrileko Erkideburu eta PPko artaburu den Aguirre andreak?
Aguirre andrearen kezka Errege-Kopako futbol-finaleko partidan estadio osoak-edo Españako himnoari pitoa jo izana da.