Hedabideek etengabe oroitarazten digute egunez eguneko bizimoduaren nekeza, bizibidearen petrala, bizimartxaren gaiztoa.
Etsi behar eta ezinean ginen, ezustean, Nazioarteko Diru Funts inefablea Adan eta Ebaren europar umeoi animoa hauspotzera etorri zaigunean, esanez, gizakiok luzeegi bizitzeko arriskua dagoela eta, jakina, ekonomiak hobe lukeela lehenago hilgo bagina! Harrapa ezak hori, Al Capone!
Eta Nazioarteko Diru Funtsak esana hain aintzat hartzekoa iruditu zaio Raxoiri, non Gobernua erabaki estu-estuak hartzera behartu du, NDFk iradokitako bidean.
Gobernuak, ondorioz, gogoz ekin die era guztietako inausketei, eta jendearen bizitza-urteak sano-sano murrizteko, neurriak hartu ditu errezeten eta botika zenbaiten prezioa karutuz, ospitalean egotea kobratzeko asmoa iragarriz, paperik gabeko etorkinak abandonoan lagaz, eta abar. Ongizatearen gizartea sendotzea irizten dio Ana Mato (ala, Mata da?) Osasun-ministroak erabaki-zerrenda horri.
Aingeru goardakoaren pomadak goarda gaitzala!