Gaur egungo jendea garai batean jaiotakoa baino lepaluzeagoa eta hankaluzeagoa da. Harroxko-harroxko oroitarazten digute hori aldian aldiko inkesta orojakileek, esanez, jendea, batez beste, orain 80 edota 40 urte jaiotakoa baino dezentenaz luzeagoa dela.
Eta egoera horrek orotan dihardu bere ondorioak ezartzen. Esaterako, tabernetako komunetan horma kontra dauden gizonezkoentzako txizontzi asko eta asko oso altu jarrita daude; lurretik altu-altu, bai.
Txizontzien altura hori ez da arazo izango gerriluzeentzat, baina umetan jogurtik jan ez genuelako edota, besterik gabe, Lazkao Txikiri gertatua jazo zaigulako guri ere, hau da, jaio hementxe bertan eta hazi inon ez… txizontzi altu horietan lasai-lasai egin beharrekoa egiteko ez dugu tallarik ematen! Horixe da egia: ez gara iristen! Eta hanka-punttatan jardun beharra ere ez da gauzak egiteko modua… hanka-punttatan iritsiz gero, sikiera!
Izterluzeen artean hainbesterako ez garenak ere bagarela ez lukete ahaztu behar etxegileek.