... hona hemen praktiko-praktikoa izan nahi duen bat.
Hara: kalez, plazaz eta bidez betetako gure herri-bazterretan, Debagoien hostoberrituan, galtzeko arrisku larririk gabe ibiltzeko modua dugu, leku bakoitzak bere izena duelako.
Azken urteotako ohiturak, baina, bideetan gurutzeak baino biribilguneak –errotondak– nahiago ditu, gustuko gurutzerik ez dago-eta inon, eta kale-kantoiak eta parti-lekuak biribilgunez bete ditugu. Horiek horrela, hara noraino iritsi nahi dudan, bueltaka-bueltaka inor ez nahasteko: kale edo plaza bakoitzak bere izena duen legetxe, zergatik ez herri barruko edo ertzetako biribilbiguneak ere zein bere izenaz deitu, izena, biribilgunearen inguruan, ikusteko era erraz-errazean jarrita?
Bai, ederki dakit Elorregiko errotonda internazionalak, adibidez, ez duela izen handirik behar Elorregiko biribilgunea dela ulertzeko (Xanpru ere bakarra da zerupean!), baina Bergaran bertan, esaterako, Amillaga kalean badira bi; zergatik ez deitu bata Santalaitz biribilgunea eta bestea Ondartzakoa edo Ondartzapekoa, esaterako? Bide-tarte horrek ez luke argitasunean eta zehaztasunean irabaziko?