Zezilio bizitzan zehar paper artean airoso moldatu izan den horietakoa da.
Lehen matrikula urrun hartatik, institutua, unibertsitatea, master bat eta tesi doktorala tarteko, hamaika agiri erabili du esku artean. Gerora, eskolan bertan, denetarik izana da: idazkari, ikasketaburu, zuzendari eta, oro har, Zezilio, non katramila, han perrexila!
Bitan ere ezkondua da bizitzak uste eztako parti-leku eta bihurguneak baititu; eta, ordaindu, berriz, txintxo-txintxo ordaindu ditu udal-, foru-, katastro- eta bideko radar- zerga guzti-guztiak! Soldadutzarekikoak ere sumiso-sumiso bete zituen eta epaitegira behin, behintzat, joana da, lekuko moduan. Epaiketan zehar Zeziliok bera Zezilio dela argi asko utzi zion juezari, bai horixe!
Orain erretiroa hartzera doa; karpeta bat gertu du agiriz betetzeko. Eta hauxe da Administrazioak lehen-lehenik jakin nahi izan duena: Zezilio inoiz jaio ote da? Administrazioa jaiotza-agiriaren eske du Zezilio gureak!
Zezilio txorimaloren baten abatar dela uste izan ote du Administrazioak orain arte?