Hara, sasoi batean –gaur ere, dena dela, ez da arraroa– hamaika komeria eginak gara irakasleok izenak aurpegiekin lotzen, gela berean Garcia edo Perez deituren kerizpetan, dozena-erdi Ainhoa, Oihana, Ainara eta Naiara biltzen zitzaizkigunean. Aldi horretan ikusi nuen nik bekokiaren gozagarri nuen flekilloa ere nola joan zitzaidan emigrante.
Bestelako garaiak ziren, ostera, apellido-markarik gabe ere ibiltzeko modukoak, etxe berean, Benita, Leona, Zelestina, Bizenta eta moduko izen ozenak batzen zirenak. O tempora, o mores!
Literaturako hamalaukotean Jesus, Mahats, Irene, Celia, Lorena, Irati, eta Eneritz; bi Maialen, Maitane bi eta hiru Marina, bai, hiru Marina daude zerrendaturik. Zeinek bere deitura du eta enkargu bat: "Niri, mesedez, izenez deitu". Erdiak martxoso hutsak dira; beste erdiak, berritsuak; urteak dituzte hamazazpina eta adarra jotzeko grina sasoia adina. Ora pro nobis, Santa Marina.